XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Guzti horren ondorioz, bere inguruan behin eta berriz agertuz doazen tresna, gertaera, aurkikunde, kontzeptu, fenomeno eta ezaguera berriak nola edo hala izendatu beharrean aurkitzen da gizona, bere hizkuntza hori aldian aldiko beharrizan berrietarako egokitu eta zorrozteko premian: izendatze hori normalean beste bizilagunekin (azken batez hizkuntz komunitate osoarekin) batean burutu behar izaten du hala ere gizabanakoak; bere kabuzko izendapen-hautespenak gutxienak izaten bide dira beti ere.

Lexiko-berrikuntza ez da, horretara, hilzorian eta galtzear dauden nola-halako hizkuntza txikien berenezko arazoa, edozein mintzaira bizitan ageri den gertaera naturala, bizibehar horrek berak ezarri ohi duen iharduera-legea baizik.

Pierre Guilbert eta beste hiru lexikologok 1960an Petit Larousseko bi edizio konparatuz, esate baterako, ondoko aldaketa-emaitzok aurkitu zituzten itxura osoz gure baino osasuntsuago dagoen frantsesarentzat: edizio batetik bestera, hamar urteko epealdian 3973 hitzek era bateko edo besteko berrikuntzak ageri dituzte.

Eta hori, esan bezala, batez ere frantses hiztegi arruntari erantzuten dion hiztegi batean.

Gertaera orokorra izanik ere desberdina da, ordea, hizkuntza batetik bestera; euskarak gaur egun bizi duen moduko giro batean, gainera, agitz-berezia izatera ere hel daiteke.

Faktore bi baizik ez dira hemen aipatuko, diogunaren azalpenerako aski direlakoan, desberdintasun-iturri gisa.

a) hitz-eraketarako hizkuntza bakoitzak eskaintzen dituen baliabide desberdinak, beraien egungo emankortasuna eta, azkenik, hizkuntza horrek honegatik edo hargatik baliabide emankor posible horien artean aukeratzerakoan ezartzen duen lehentasun-mailaketa berezia.

b) hizkuntza bakoitzak historiaren jakineko une batean momentu hartako gizartekerak eska ditzakeen beharretarako eduki dezakeen egokitzapen-maila desberdina.

Euskararen kasurako, honela bere ibilera historikoan eskuarteratu zaizkion hainbat arrazoirengatik eta, oso bereziki, XIX. mendetik hona Euskal herriaren egituratze politikoak eta industrializazioak hartu izan duen bilakamoldeagatik, desoreka nabarmenak sortu izan dira eskola, administrazio eta teknika mailan erabili beharreko terminologien eta euskarak haiei erantzuteko moduan prestatu eta finkaturik dauzkan hizkerabide aukeran murritzegien artean.

Honekin agertua dago, beraz, euskarak bere hitz-altxorra arrazoi bategatik edo bestegatik oraindaino debeku gertatu izan zaion zenbait lan-gune, adierazpide eta gizarte-eginkizunetarako landu eta egokitu beharra daukala.

Horrekin, bide batez, alde batera uzten da oraindik ere etxekoen eta kanpokoen artean defendatzailerik falta ez zaion harako tradizio ezagun haren ikuspegia: (...).